XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lo apartsu eta itogarria.

Biharamuneko berriak: Suitzalgailuen lapurra bere etxeko bainuontzian itorik.

Eta Andy Warholen kuaderno batetik aterea zirudien neska baten argazki elektrikoaren azpian: Neskalagunak ezer ez dakiela, hura ez zela bere mutilaguna eta uzteko mesedez bakean.

Telebistak pizturik jarraituko zuen luzaro oraindik, ura entxufearen parera heldu arte, bederen: Bizkor Elisabeth goazeman! busti egingo gaitun eta!.

Tximista, flash urrun bat eta haizea markesinak dardararazten.

Trumoi hotsa. Bikoteak korrika zubietan gaindi, telebistan bezala kalean.

Gero lasaitasuna eta lur bustiaren usaina.

Ilunabarra zen jada.

Komuneko atearen azpitik ura irteten zen alfombrak miazkatuz, eta labezomorro bat hankazgora zebilen Valium kapsula baten ondoan hankei alferrik eraginez, urak eraman zezan eragotzi ezinik.

Kamerak hiriaren plano orokorra hartuko zuen orduan eta ondoren xehetasun baterantz inguratuko zen travelling geldoan: lorontzi akribilatuen itxurako zakarrontzietan aterki apurtuak agertuko ziren, euriari haizete bortitzak laguntzen zionero bezala, haizeak ereindako tulipan beltzak bailiran.

Fundidoa beltzerantz eta amaiera.

Ilunaren gainean norbaitek zippo bat pizten du.